Saltatu nabigazioa

Sukaldeko biodibertsitatea

Biodibertsitatearen beste modu bat espeziearen barruko bariazioa da. Gizakien kasuan, urteak eta urteak eman ditugu nekazaritzan eta abeltzaintzan hautaketa artifiziala erabiltzen, inguruaren faktoreekiko erresistenteak izango diren elikagaiak izateko xedez.

Historian zehar, gizakiok landare- eta animalia-espezie desberdinak hautatu eta gurutzatu ditugu, izurriei, euriari eta hotzari aurre egiteko gai izango diren barietate eta hibridoak lortzeko, eta, aldi berean, handiagoak izateko eta denbora luzez kontserbatzeko, besteak beste.   

Ziurrenik ez gara horretaz jabetu, baina gure sukaldean desberdinak diruditen barazkiak daude, espezie berekoak izan arren. Adibidez, Brassica Oleracea landarearekin gertatzen da. Basa-aza hori abiapuntu hartuta, gaur egun landare horren ataletatik sortu diren barazki desberdinak daude. Adibideak:

Aza Azalorea Bruselaza Brokolia
ColFrank VincentzAza
(CC0)
Coliflor
RasbakAzalorea
(CC BY-SA)
Coles de Bruselas
RasbakBruselaza
(CC BY-SA)
Brócoli
USDA Lance CheungBrokolia
(CC BY)

Aza arrunta hosto handienetatik abiatuz hautatu zen.  Bruselazak, berriz, landarearen zurtoineko kimuetatik. Brokolia sortzeko lore handienak hautatu ziren, eta azalorea brokoliaren barietate batetik sortu zen.

Eta hori jakinda, guk biodibertsitatearen alderdi hori gure sukaldean bertan aztertuko dugu.

Ataza: Tximeleten mihia

Iraupena
Saio bat
Taldekatzea:
Binaka

Ataza, Manuel Rivas idazlearen “La lengua de las mariposas” (tximeleten mihia) kontakizuna irakurriko dugu. Istorioko protagonista haur bat da, eta maisuak irakasten dizkion Historia Naturaleko ezagutzekin txundituta geratzen da.   Orain, binaka, arreta handiz irakurriko dugu:

Testu honetatik hartutako pasartea (euskaratuta): Manuel Rivas, La lengua de las mariposas, Madril 2006, Punto de Lectura argitaletxea

“Patatak Amerikatik ekarri zituzten” esan nion amari bazkalorduan, platera mahaian jarri zuenean.

“Bai zera! Hemen betidanik izan ditugu”, esan zuen amak, oso ziur.

“Ez, lehen gaztainak jaten ziren. Eta artoa ere Amerikatik ekarri zuten”. Lehen aldiz argi ikusi nuen irakasleari esker gure munduari buruzko gauza garrantzitsuak ezagutzen nituela, nire gurasoek ez zekizkiten gauzak.

Hala ere, unerik politena maisuak zomorroei buruz hitz egiten zuenean izaten zen. Ur-armiarmek itsaspekoa asmatu zuten. Inurriek esnea eta azukrea ematen duten abereak zaindu eta perretxikoak lantzen dituzte. Australian habia kolorez margotzen duen hegazti bat dago; landare-jatorriko pigmentuak erabiliz egiten du, olio moduko material bat sortu ondoren. Ez dut inoiz ahaztuko: tilonorrinkoa. Arrak orkidea bat jartzen du habia berrian, emea erakartzeko.

Izugarrizko interesa piztu zen nire barnean, eta Gregorio jaunaren zomorro-hornitzaile bihurtu nintzen. Larunbat eta jai-egun batzuetan, etxera etorri eta biok batera txango txiki bat egiten genuen. Ibai-ertzetan, larratzetan eta basoan barrena ibiltzen ginen, eta Sinai mendira igotzen ginen. Aurkikuntzarako bidea zen hura. Beti esku artean altxorren bat genuela bueltatzen ginen etxera. Marisorgina. Txitxi-burruntzia. Arkanbelea. Eta beti tximeleta berri bat. Hala ere, bakar baten izena dut gogoan; maisuak Iris izena jarri zion, eta distira ederra zuen, baita lokatzetan edo simaurretan jarrita ere.

Orain, bikoteka, honako galdera hauen erantzuna idatziko dugu gure koadernoan:

  1. Amerikaren aurkikuntzak truke garrantzitsua eragin zuen nekazaritzaren eta elikaduraren esparruan; halaber, eguneroko bizitzako ohitura desberdinak ekarri zituen, hala nola kafea edo tabakoa. Interneten bilaketa azkarra egingo dugu eta Amerikatik mundu osora esportatu ziren bost elikagai zerrendatuko ditugu. 
  2. Zein da kontakizun horretan aipatzen den ikaskuntza-estrategia? Zer iruditzen zaizu? 
  3. Gregorio jaunak bere ikasleei esaten die eguraldi ona egiten duenean zientzia naturaletako eskolak mendian egingo dituztela, inguruneko ikertzaile bihur daitezen. Zer iruditzen zaizue?

 

Ataza: gure hazitokiak

Iraupena:
Saio bat + etxeko lana
Taldekatzea:
Lauko taldeak

Lehen aipatu dugun bezala, gizakiak historian zehar labore-motak hautatu ditu. Hortaz, biodibertsitatea mantendu nahi badugu, ez ditugu galdu behar. Horretarako hazi-bankuak daude, gizakiek hautatutako haziak baldintza berezietan kontserbatzeko tokiak. Hazitoki horien helburua da haziak gordetzea, eta, ingurumeneko baldintzak aldatzen badira, aurrerago horiek erabiltzea.

1.- Hona hemen munduko hazitoki handienari buruzko bideo bat: Mundu amaierako bobeda.

euronews (gaztelaniaz)Noruega: el "Banco Mundial de Semillas" , un tesoro a 130 metros de profundidad (Norvegia: munduko hazi-bankua, 130 metroko sakoneran dagoen altxorra) (Youtube lizentzia)

2.- Hazien garrantzia ezagutzeko, hazitokia izango den 3D poster bat egingo dugu. Taldeka jarriko gara, eta talde bakoitzak etxetik 10 hazi ekarriko ditu gutxienez, erraz eskuratzeko moduak. Honako landare hauetan haziak ekar daitezke, besteak beste: kuia-haziak, fruta-hezurrak, lekak, landare-haziak... 

3.- Hazi bakoitza plastikozko poltsa batean sartu eta izena jarriko diogu.

4.- A3 tamainako kartoi-mehe batean poltsa guztiak itsatsiko ditugu, 3D edo collage bat izango balitz bezala, eta ikastetxeko korridorean jarriko dugu. 

5.- Oraingoan, bisitariek baloratuko dute gure lana. Horretarako, balioespen-eskala bat jarriko dugu posterren ondoan (ikus “hausnarketa eta ebaluazioa” atala).

Ebaluazioa eta hausnarketa

Ataza amaitu ondoren, gure ikaskuntza-egunerokoan hausnarketa egiteko une bat har dezakegu. Hauek izan daitezke egin ditzakegun galdera batzuk:

  • Zer ikasi dut?
  • Prozesuan zehar zerk harritu nau gehien? Zergatik?
  • Aldatu al dut aurretik nuen iritzirik? Zein?
  • Zer izan da zailena? Zergatik?

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)