Saltatu nabigazioa

Biodibertsitateko mehatxuak

Gaur egun biztanle-kopuruak gora egiten du etengabe, eta horrek jasangarria ez den presioa jartzen du Lurreko gainerako izaki bizidunengan. Planetaren biodibertsitatea natura- eta kultura-baliabideen iturria da, eta mehatxatuta dago. Gaur egun, ezinbestekoa da arazo horiek ezagutzeko eta aurre egiteko ekimenak sustatzea. 

Barrera coral Australia
pxhere. . Australiako koral-hesia (Jabetza publikoa)

Gaur egun, biodibertsitatea arriskuan jartzen duten sei mehatxu nagusi identifikatu dira, eta elkarren artean lotuta daude. Aldaketa klimatikoak eta baliabideen gehiegizko esplotazioak habitaten suntsiketan eragina du; halaber, basa-bizitzarekin salerosketan aritzeak espezie inbaditzaileak etortzea eta gaixotasun berriak sortzea eragiten du, besteak beste.

Biodibertsitatea lantzeko HBI honetan, gai horien inguruko hasierako informazioaren berri jasoko dugu, eta ekosistemei, geosferari, atmosferari eta hidrosferari buruzko gainerakoetan eduki hori sakon aztertuko dugu.

Atazan zehar biodibertsitatearen kontserbazioa oztopatzen duten sei mehatxu nagusiak landuko ditugu. Hasteko, bideo bat ikusiko dugu, eta, ondoren, ezagutza finkatzeko dinamika kooperatibo bat egingo dugu.

Ataza: biodibertsitatearen beharra

Iraupena:
Ordu bat
Taldekatze:
Laukako taldeak /gela osoa

Biodibertsitatearen eta egun dituen arazoen berri izan dugu, zalantzarik gabe. Ideiak argitzeko, hausnarketa sustatuko duen bideo bat ikusiko dugu, eta, ondoren, hainbat galdera erantzungo ditugu.

1.- Taldeka, animazio film labur bat (“Man”) ikusiko dugu, Steve Cutts zuzendariarena.

Steve Cutts. MAN (Youtube lizentzia))

2.- Ikusi dugunari buruzko hausnarketa egin eta koadernoan apuntatuko dugu, hurrengo txantiloi hau erabilita:  

3.- Orain talde handi bat osatuko dugu talde txikiagoetan jaso dugunari buruzko ideia‑jasa egiteko. Besteak beste, galdera hauek jorratuko ditugu:

  • Zergatik desagertu dira bideoko espezieak?
  • Espezie bat desagertzen denean, espezie horri soilik eragiten al dio edo gainerako espezieengan eragina du? Zein da zure iritzia?
  • Kontsumitzen ditugun zenbat baliabide natural aipatzen dira bideoan?  Horietatik, zein da etxean gehien kontsumitzen duguna? Zein da ezagunena?
  • Biodibertsitatea desagertzeko arrazoiak zerrendatu ditzakegu? Ba al dugu gertuko kasu baten berri?
  • Zein ondorio aurreikusten da gizakiaren esku-hartzeak eragindako biodibertsitatearen galeratik? Tokiko edo mundu-mailako arazoa da?
  • Ba al dago interes ekonomikorik? Zein?
  • Biodibertsitatearen galera murrizteko zerbait egin dezakegu? Aipatu biodibertsitatea babesteko egin ditzakegun hiru jarduera. Horietako zein egin ohi dugu?
  • Zer iruditu zaigu bideoaren amaiera? Beste amaieraren bat proposatu dezakegu?

Ataza: biodibertsitatearen aurkako mehatxu nagusiak

Iraupena:
Ordu bat
Taldekatzea:
Seiko taldeak/ gela osoa

Aro modernoan, gero eta baliabide natural gehiago behar dituen giza jarduera eta gehiegizko populazioa dela eta, espezieak eta ekosistemak arriskuan daude. Gaur egun “seigarren desagerpena” aipatu izan da, gure espeziearen biziraupena eta Lurreko bizitza arriskuan jarriko dituena. 

Árboles talados
pxhere. Moztutako zuhaitzak (Jabetza publikoa)

Horregatik, hain zuzen ere, biodibertsitatearen aurkako mehatxuak izendatu ditugu, gizakion jardueraren zuzeneko edo zeharkako ondorio izan baitira. Eta, hurbiletik ezagutzeko, dinamika kooperatibo bat prestatu dugu.

1.- Sei edo zazpi ikasleko taldeak egingo ditugu. Irakasleak biodibertsitatearen aurkako mehatxu nagusiak bilduko dituen txartel-sorta bat banatuko du. Bakoitzak goraki irakurriko du txartelean jasota dagoena, argi geratu arte.

Txartelak:

1. txartela

Habitatak suntsitzea da gaur egun biodibertsitatearen aurkako mehatxu nagusia. Giza kontsumorako nekazaritza-, abeltzaintza- eta arrantza‑ekoizpenak eta lurra komunikazio-bideak, industriak eta urbanizazioak eraikitzeko erabiltzeak ekosistemetan eragina dauka eta eraldatu egiten ditu. Baso eta zelaiak bazka eta landatzeko eremu bihurtzen dira, baso tropikaleko zuhaitzak moztu egiten dira zura eta papera sortzeko, hezeguneak arroza landatzeko eremu bihurtzen dira, hiriguneak hedatuz doaz eta arrantzaren ondoriozko itsasoaren gehiegizko ustiapena jasanezina da.

2. txartela

Gehiegizko ustiapena. Elikagaiak, materialak edo botikak egiteko bizirik dauden baliabideak ustiatzea ezinbestekoa da, eta giza izaeraren parte da. Eskariak gora egiten duenean, basa-espezieak gehiegi ustiatzen ditugu, eta ezin dira lehengoratu. Horrek espezie horien biziraupena arriskuan jartzen du. Arrantza, ehiza, zuraren industria, medikuntza tradizionala eta espezie exotikoak dira baliabide biologikoen gehiegizko ustiapena gehien eragiten dutenak. 

3. txartela

Kutsaduragiza jarduerak eragiten duen beste ondorioetako bat da. Hondakin kutsatzaileak atmosferara eta hidrosferara isurtzen dira, eta ekosistemen orekan eragiteaz gain, biodibertsitatea murriztea edo galtzea eragiten dute. Ekosistema guztiak lotuta daudenez, lurreko ekosistemetatik uretako ekosistemetara heda daiteke. Petrolio isuriez gain, nekazaritzan ongarri gehiegi erabiltzen dira, eta laboreetan, industria-hondakinetan, ur zikinetan eta plastikoetan erabilitako pestizidetatik sortutako produktu toxikoak isurtzen dira. Ingurunean substantzia toxikoak daudenean, organismoen ehunetan metatzen dira, eta hil egin daitezke. Gizakion osasunerako ere arriskutsua izan daiteke. Uste da kutsadura dela urtero mundu osoan 13 milioi pertsona hiltzearen arrazoia.

4. txartela

Espezie inbaditzaileak. Organismoak sakabanatzea prozesu naturala da, baina muga geografikoen eta baldintza klimatikoen menpe dago. Hala ere, azken hamarkadetan, biztanleriaren hazkundearekin eta munduko ekonomiaren globalizazioarekin batera, organismoen sakabanatze-maila asko handitu da, dela kontsumorako saltzeko leku batetik bestera aldatzen direlako, dela aireko, lurreko edo itsasoko komunikabideei esker lekualdatzea lortzen dutelako. Gaur egun, espezie aloktono ugari aurkitu daitezke ekosistema guztietan, inbaditzaileak badira ere. Dominanteak dira eta tokiko espezieekin lehiatzen dira; horien adibide dira liztor asiarra edo zebra-muskuilua. Halaber, organismo patogenoen bektore dira, eta basa-izakien salerosketarekin batera, gaixotasun emergenteak eta pandemiak sortzen dituzte. Planetaren “homogeneizazio ekologikoaren” aurrean gaude. 

5. txartela

Basa-izakien salerosketa Legez kanpoko salerosketara bideratutako isilpeko ehiza mehatxu larria da, eta horri aurre egin behar diete, besteak beste, elefanteek, errinozeroek eta tigreek. Animaliak legez kanpo ehizatzen dira, larrua, hortzak, adarrak, hezurrak eta beste zati batzuk oso preziatuak direlako. Drogekin eta legez kanpoko armekin gertatzen den bezala, animalien zati eta produktu horiek nazioarteko sare kriminalek salerosten dituzte. Negozioaren joera goranzkoa da; izan ere, eskariak gora egin du, bereziki Asian. Bertan, animalien zatiak estatus-adierazle gisa hautematen dira edo medikuntzan erabiltzen dira. Elefante, errinozero eta tigreez gain, beste espezie asko legez kanpo esplotatzen dira: itsas dortokak, pangolinak, hegazti biziak, narrastiak, primateak eta zuhaitz zurgaiak.

6. txartela

Klima-aldaketa. Klima-aldaketa “berotegi-efektuko gasak” (karbono dioxidoa) isurtzearen ondorioz sortu da; izan ere, beroa gorde eta Lurraren azalera berotzen dute. Berotegi-efektuko gasen isurien areagotzea giza jarduerek eragin dute, hala nola erregai fosilak erretzeak. Halaber, mendea bukatu aurretik hori izan daiteke dibertsitate biologikoaren galeraren arrazoi nagusia. Zientzialariek egiaztatu dute munduko batez besteko tenperaturak gora egin duela (+1º C) industria-iraultzaz geroztik. Tenperaturaren igoerak inpaktu handia du: poloetako izotza urtzea, itsasoaren maila igotzea edo muturreko gertakari klimatikoak areagotzea (bero-boladak, ekaitzak eta urakanak, besteak beste). Klima-aldaketa bizkorra da, organismo askok beren bizitzarako baldintza egokiak aurkitzeko eta bertara migratzeko duten erritmoa baino bizkorragoa.  Klima-aldaketak biodibertsitatean eragiten dituen ondorioek eragina dute gizakiengan: nekazaritzan, arrantzan, gaixotasunen hedapenean edo birulentzian, ura eskuratzeko aukeran...

2.- Txartel guztiak irakurri ondoren, dinamika kooperatiboa egingo dugu. Irakasleak hexagono forma duen eta sei irudi dituen antolatzaile bisual bat banatuko du. “Biodibertsitate-galeraren sakelako hexagonoa” izena jarriko diogu, behin bete ondoren gorde ahalko dugulako. Irudi bakoitza aipatu ditugun biodibertsitatearen aurkako mehatxuren baten irudikapena izango da.  Zutik jarri eta gelan zehar oinez ibiliko gara, irakasleak gelditzeko agindua eman arte. Une horretan binaka jarriko gara, eta bikoteari hexagonoko irudi bati buruz galdetuko diogu. Haren azalpena dagokion hexagonoaren atzealdean idatziko dugu. Ondoren, papera elkarrekin trukatu eta gure bikoteak irudi bati buruz galdetuko digu. Dinamika hexagono guztiak bete arte errepikatuko dugu.

 

Pilar Etxebarria. Biodibertsitatearen alderantzizko hexagonoa ((Jabetza publikoa)
Pilar Etxebarria. . Biodibertsitatearen alderantzizko hexagonoa ((Jabetza publikoa))

3.- Azkenik, taldeka jarriko gara berriro, eta irakaslearen laguntzaz erantzunak zuzenak eta fidagarriak diren aztertuko dugu. Hausnarketa egingo dugu.

Hausnarketa eta ebaluazioa

Ataza amaitu ondoren, gure ikaskuntza-egunerokoan hausnarketa egiteko une bat har dezakegu. Hauek izan daitezke egin ditzakegun galdera batzuk:

  • Zer ikasi dut?
  • Prozesuan zehar zerk harritu nau gehien? Zergatik?
  • Aldatu al dut aurretik nuen iritzirik? Zein?
  • Zer izan da zailena? Zergatik?

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)