Saltatu nabigazioa

Museo birtualeko bira

Ataza: museoan nabigatu

Iraupena
Saio bat
Taldekatze:
Binaka

Webgunean sartu eta bikoteka areto birtualak bisitatuko ditugu. Ezkerreko beheko iskinean nabigatzeko irudiak, solairu-zenbakia edo planoa ikusiko dituzue.

Honako hau idatziko dugu gure koadernoan:

  • Gutxienez hiru erreinu edo phylum desberdinetako espezie bat aurkitu beharko dugu.
  • Zergatik aukeratu duzue? Zergatik da deigarria?
  • Zientzialariaren ikuspegitik, zer galdera bururatu zaizkizue animaliak edo landareak ikustean?
  • Talde horien ezaugarri adierazgarriren bat aipatu dezakezue?
  • Jardueratik zer gustatu zaizue gehien?

 

Museoaren pantaila-irudia

Ataza: lehiaketa bat egingo dugu, “museo birtualeko bira”

Iraupena:
Saio bat + etxeko lana
Taldekatzea:
Banaka

Atazaren zati hau etxeko lana izango da.

Orain bakoitzak banaka museoan izan duen esperientziaren berri emango du. Bi modutara egin daiteke: idatziz edo marrazkien bidez. Lan horretan museoak guretzat izan duen esanahia irudikatu behar dugu. Guretzako interesgarriena izan den alderdian jar dezakegu fokua, hala nola: Zein izan da gehien gustatu zaizun animalia? Zer da gehien gogoratzen duzuna? Zein iruditu zaizkizu museoko alderdirik deigarrienak? Zergatik? Zer-nolako sentsazioak izan ditugu?...

 Lanek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

Idatzizko lana Marrazkia
  • Poesia edo kontakizun laburrak aurkeztu daitezke, titulua jarrita.
  • Testua idazteko hizkera zientifikoa erabili behar da.
  • Gehienez ere 10 bertso izango ditu poesiaren kasuan, eta 200, berriz, kontaketa laburraren kasuan (titulua zenbatu gabe).
  • Marrazkiak edo komikiak ere aurkez daitezke. 
  • Eskuz egindako edozein teknika piktoriko erabil daiteke: arkatzak, argizariak, tenperak, akuarela, olioa, teknika mistoak, collagea, etab. 
  • Hizkera zientifikoa erabili behar da.
  • Obraren gehieneko tamaina 21 x 29,7 cm-koa izango da (DIN A4)

Lanak bukatu ondoren, gelako paretan jarri eta saio oso bat emango dugu horiek aztertzen. Ondoren, irabazlea aukeratuko dugu, gure irakasleak banatuko dituen irizpideen arabera (ikus balioespen-eskalak).   

  • Poesia onena
  • Kontakizun labur onena
  • Marrazki onena
  • Komiki onena

Ebaluazioa eta hausnarketa

Ataza amaitu ondoren, gure ikaskuntza-egunerokoan hausnarketa egiteko une bat har dezakegu. Hauek izan daitezke egin ditzakegun galdera batzuk:

  • Zer ikasi dut?
  • Prozesuan zehar zerk harritu nau gehien? Zergatik?
  • Aldatu al dut aurretik nuen iritzirik? Zein?
  • Zer izan da zailena? Zergatik?

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)