Saltatu nabigazioa

- Gida didaktikoa -

Proposamen Didaktikoa

“Ekosistemak ikertzen” DBHko 1. mailako Biologia eta Geologia irakasgairako eginiko “Ikertzen” saileko seigarren proposamen didaktikoa da.

Proposamen didaktiko horietan ohikoa den moduan, HBI honetan erronkak proposatzen ditugu, hau da, ikasleentzat motibatzaileak diren eta, ahal dela, ikerketa zientifikoko prozesu bat barne hartzen duten erronkak (behatzea, planifikatzea, informazioa bilatzea, esperimentatzea, emaitzak aztertzea, ondorioak ateratzea eta komunikatzea). 

Biologiarako eta geologiarako lehenengo seriean adierazi genuen moduan, kontuan izan dugu irakasgaiaren berezitasuna; izan ere, arlo horretako prozesuak luzeagoak dira denborari eta espazioari dagokienez, eta, ondorioz, zailagoa da horiek laborategiko lan baten bidez ikertzea, Fisika eta Kimika irakasgaian egin daitekeen bezala. Horrenbestez, ikuspegi desberdina eman behar zaie “Inquiry Based Learning” metodologian oinarrituta lantzeko.

Askotariko erronkak proposatzen ditugu: landa-ikerketa esperimentaleko jarduerak, dokumentalak, irakurketak, jolasak, bideoekin egiteko lanak, etab. Erronka horiek beti dute egitura bera: ebalua daitekeen azken ekoizpen batera bideratutako ikaskuntza-egoerak dira, ikasleentzat erronka izan behar dutenak, betiere curriculumeko edukiak testuinguruan jarrita.

Proposamen didaktiko horrek, aurreko guztiek bezalaxe, “ale-egitura” bati erantzuten dio. Aleak dituela esaten da; izan ere, HBI honen egitura proposatzen ditugun ikaskuntza-helburuen araberakoa da, baina, aldi berean, hura osatzen duten edukien izaera eta antolamendua nabarmen alda daitezke. Gainera, badaude ezagutza-arlo desberdinetan errepikatzen diren gaiak, eta horrek aukera ematen du HBI hau osatzen duten eduki batzuk beste irakasgai batean berriro lantzeko. Hori dela eta, hainbat irakasgaitan konbinatu eta berrerabil daitezkeen erronkak proposatzen dira, HBIa optimizatzeko. Horrek eragin zuzena du HBIaren berrerabilgarritasun didaktikoan.  Ale-erako itxura hori erronkek ematen digute; horiei esker, irakasleentzat errazagoa da metodologia hau erabiltzea, HBIaren batasuna albo batera utzi gabe.

Irakasleari begira, erronka horietako bakoitza konpetentziatan oinarritutako ikaskuntzarako egoera bat izan daiteke. Erronken helburua da irakasleei ideiak ematea, zuzenean eskoletan aplikatzeko edo beren programazio didaktikora egokitzeko. Dena den, proposatutako egitura, berez, ibilbide didaktiko bat izan daiteke, ikaskuntza-proiektu bat; izan ere, gaiaren oinarrizko ezagutza guztiak barne hartzen ditu eta gaia globalizatzen duen azken produktu bat dauka zehaztuta.

Amaitzeko, adierazi behar da erronka horiek lotura izan dezaketela beste STEAM irakasgai batzuekin (adibidez, matematikarekin, teknologiarekin edo artearekin), eta, ondorioz, diziplinarteko ibilbide batean sar daitezkeela. Arlo horietan guztietan kontzeptu asko daude, eta aukera ematen dute ezagutzak transferitzeko.

Curriculum-Erreferentziak

HBI honen bidez, martxoaren 29ko 217/2022 Errege Dekretuan zehaztutako konpetentzia espezifikoak eta oinarrizko jakintzak garatzen dira. Errege Dekretu horrek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gutxieneko antolamendua eta ikaskuntzak ezartzen ditu; gero, autonomia-erkidego bakoitzak erkidego-mailako dekretuen bidez garatu behar du errege-dekretu hori.

Funtsezko konpetentziak

  • Hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia (HKK)
  • Matematika, zientzia, teknologia eta ingeniaritzarako konpetentzia (STEM)
  • Konpetentzia digitala (KD)
  • Konpetentzia pertsonala, soziala eta ikasten ikastekoa (KPSII) 
  • Konpetentzia zibikoa (KZ)
  • Ekimenerako konpetentzia (EK)
  • Kontzientzia eta adierazpide kulturaletarako konpetentzia (KAKK)

Konpetentzia espezifikoak eta ebaluazio-irizpideak

1. Konpetentzia espezifikoa: informazio eta datu zientifikoak interpretatzea eta zabaltzea, eta haiek arrazoitzea, biologia- eta geologia-zientzietako kontzeptuak eta prozesuak aztertzeko hainbat formatu erabiliz

Ebaluazio-irizpideak
1.1. Biologia eta Geologia irakasgaiko jakintzekin lotutako kontzeptuak eta prozesuak aztertzea, formatu desberdinetan emandako informazioa interpretatuz (modeloak, grafikoak, taulak, diagramak, formulak, eskemak, sinboloak, webguneak...), jarrera kritikoa erakutsiz eta ondo oinarritutako ondorioak ateraz.

1.2. Biologia eta Geologia irakasgaiko jakintzekin zerikusia duen informazioa errazago ulertu eta aztertzeko bideak ematea, informazio hori argi transmitituz; horretarako, terminologia eta formatu egokiak erabili behar dira (modeloak, grafikoak, taulak, bideoak, txostenak, diagramak, formulak, eskemak, sinboloak, eduki digitalak...).

1.3. Fenomeno biologiko eta geologikoak modelo eta diagramen bidez aztertzea eta azaltzea, eta, beharrezkoa bada, ingeniaritza-diseinuko urratsak erabiltzea (arazoa identifikatzea, esploratzea, diseinatzea, sortzea, ebaluatzea eta hobetzea).

2. konpetentzia espezifikoa: informazioa identifikatzea, lokalizatzea eta aukeratzea; informazioaren egiazkotasuna egiaztatzea; eta informazioa antolatzea eta modu kritikoan ebaluatzea, biologia- eta geologia-zientziekin zerikusia duten galderei erantzuteko.

Ebaluazio-irizpideak

2.1. Biologia eta Geologia irakasgaiko jakintzekin lotutako zalantzak argitzea; horretarako, informazioa lokalizatu, aukeratu eta antolatu egin behar da, iturriak behar bezala erabiliz eta aipatuz.

2.2. Oinarri zientifikoa duen informazioa identifikatzea, eta sasizientzietatik, gezurretatik, konspirazio-teorietatik, asmatutako sinesmenetatik eta halakoetatik bereizten jakitea, baita halako teorien aurrean jarrera eszeptikoa izatea ere.

2.3. Batetik, dagokion balioa ematea zientziak gizarteari egiten dion ekarpenari eta zientzian aritzen diren pertsonei, edozein dela ere haien etnia, sexua edo kultura; eta, bestetik, emakume zientzialarien paperari aitorpena egitea eta ikerketa etengabe aldatzen ari den lan kolektibo eta diziplinarteko gisa ulertzea.

3. konpetentzia espezifikoa: Ikerketa-proiektuak planifikatzea eta garatzea, zientziak berezko dituen metodologietako urratsei jarraituz eta, behar denean, lankidetzan arituz, geologia- eta biologia-zientziekin zerikusia duten alderdiak sakon aztertzeko.

Ebaluazio-irizpideak

3.1. Metodo zientifikoak erabiliz erantzun edo egiaztatu daitezkeen galderak eta hipotesiak planteatzea, eta fenomeno biologiko eta/edo geologikoak azaltzen saiatzea eta haiei buruzko iragarpenak egitea.

3.2. Fenomeno biologiko eta geologikoen esperimentazioa, datu-bilketa eta analisia diseinatzea, eta, hartara, aukera izatea galdera zehatzei erantzuteko eta planteatutako hipotesi bat egiaztatzeko.

3.3. Esperimentuak egitea eta fenomeno biologiko eta geologikoei buruzko datu kuantitatibo eta kualitatiboak biltzea, beharrezko tresnak edo teknikak modu egokian erabilita.

3.4. Ikerketa-proiektuan lortutako emaitzak interpretatzea; horretarako, tresna matematiko eta teknologikoak erabil daitezke, behar denean.

3.5. Proiektu zientifiko txiki baten barruan lankidetzan aritzea, funtzio jakin bat bere ardurapean hartuz, behar denean espazio birtualak erabiliz, dibertsitatea eta genero-berdintasuna errespetatuz eta inklusioa ahalbidetuz.

3.6. Landako esperimentazioaren eta behaketaren bidez eskuratutako informazioa eta ondorioak aurkeztea, formatu egokia erabiliz (taulak, grafikoak, txostenak, etab.), eta behar denean tresna digitalak ere erabiliz.

4. konpetentzia espezifikoa: Arrazoiketa eta pentsamendu konputazionala erabiltzea arazoak konpontzeko edo biologia eta geologiarekin lotutako eguneroko prozesuak azaltzeko, erantzun eta konponbideen analisi kritikoa eginez eta, beharrezkoa bada, prozedura birformulatuz.

Ebaluazio-irizpideak

4.1. Problemak ebaztea edo prozesu biologiko edo geologikoei azalpena ematea, honako hauek erabilita: norberaren ezagutzak, aurkeztutako datuak eta informazioa, arrazoiketa logikoa, pentsamendu konputazionala edo baliabide digitalak.

4.2. Modu kritikoan aztertzea fenomeno biologiko eta geologikoekin lotutako problema baten soluzioa

5. konpetentzia espezifikoa: ekintza jakin batzuek ingurumenean eta osasunean dituzten ondorioak aztertzea, zientzia biologikoak eta Lurraren zientziak oinarri hartuta, ingurumenari eragindako kalteak saihestu edo gutxituko dituzten ohiturak sustatzeko eta hartzeko.

Ebaluazio-irizpideak

5.1. Zientzian oinarrituta, honako kontzeptu hauek erlazionatzea: biodibertsitatearen zaintza, ingurumenaren kontserbazioa, inguruneko izaki bizidunen babesa, garapen jasangarria eta bizi-kalitatea.

5.2. Ohitura jasangarriak proposatzea eta hartzea, eta geure jarreren eta gainerakoenen azterketa kritikoa egitea, norberaren arrazoiketak, eskuratutako ezagutzak eta eskuragarri dagoen informazioa erabilita.

 

Oinarrizko jakintzak

DBHko 1. mailako Biologia eta Geologia irakasgaiko bloke hauetako oinarrizko jakintzak (oinarrizko ezagutzak, trebetasunak eta jarrerak) lantzen dira.

A: Proiektu zientifikoa

  • Hipotesiak, galderak eta usteak: ikuspegi zientifikoarekin planteatzea.
  • Informazioa bilatzeko, lankidetzan aritzeko eta prozesu, emaitza edo ideia zientifikoak jakinarazteko estrategiak: tresna digitalak eta zientzian ohikoak diren formatuak (aurkezpena, grafikoa, bideoa, posterra, txostena, etab.).
  • Informazio zientifikoaren iturri fidagarriak ezagutzea eta erabiltzea.
  • Galdera zientifikoei erantzuna ematea esperimentazioaren eta landa-lanaren bidez: beharrezko diren tresnak eta espazioak (laborategia, ikasgelak, ingurunea, etab.) modu egokian erabiltzea.
  • Modelaketa erabiltzea naturako prozesu eta elementuak aurkezteko eta ulertzeko.
  • Fenomeno naturalak behatzeko eta horien datuak biltzeko metodoak.
  • Prozesu, emaitza edo ideien komunikazioa, hainbat formatu analogiko nahiz digitaletan (aurkezpena, grafikoa, bideoa, posterra, txostena...).
  • Emaitzak analizatzeko metodoak. Emaitzen analisia pentsamendu logikoaren bidez
  • Lan zientifikoa eta zientzian aritzen diren pertsonak: biologia- eta geologia-zientziei egiten dieten ekarpena eta horrek gizartearentzat duen garrantzia. Emakumeak zientzian duen papera.

B. Ekologia eta jasangarritasuna

  • Inguruneko ekosistemak, haien osagai biotiko eta abiotikoak eta espezieen barruko eta espezieen arteko harreman-motak.
  • Ekosistemak zaintzearen eta garapen jasangarriko eredu bat ezartzearen garrantzia.
  • Ohitura jasangarrien garrantzia (kontsumo arduratsua, hondakinen kudeaketa, ingurumenarekiko errespetua...

Ibilbidea

 
Taula honetan dago jasota HBIaren ibilbide didaktikoa:

FASEA: SISTEMA BIOLOGIKOAK
ATAZAK HELBURUAK SAIOAK
Oinarrizkoa berrikustea Ekosistemen osaerari eta egiturari buruzko oinarrizko ezagutzak Lehen Hezkuntzan landu direla jakinda, edukiak berrikusteko jarduera hau proposatzen da: bi informazio-bideo labur ikusiko dira eta definizio nagusiak taldean landuko dira jolas baten bidez. Saio 1
Faktore mugatzaileak

Faktore mugatzaile abiotikoetatik abiatuta, edukietan eta trebetasunetan sakontzen hasiko gara. Kontzeptu nagusiak biltzen dituen bideo interaktibo batetik abiatuta, finkatzeko jolas-jarduera bat egingo da txartelen bidez. Jarraian, ikerketa esperimental bat proposatzen da: hazkuntza azkarreko haziak zenbait inguruneren mende jartzea. Ikasleek, taldeka, haziek 15 egunetan izan duten (1) hazkundea neurtuko dute, hiru faktore mugatzaileren arabera:  intsolazioa, lurzoruko nitrogenoa eta lurzoruaren gazitasuna. Emaitza txosten zientifiko batean jasoko da. 

Aurrera egingo dugu. Ekosistema baten aldaketak hobeto islatzeko, denboran zehar haren jarraipena egiteko beharra aztertuko dugu, bai eta emaitzak tauletan eta grafikoetan islatzearen garrantzia ere. Horretarako, ikasleek faktore mugatzaileen bi kasu landuko dituzte datu errealekin.
5 saio
Nork jaten du nor?

Ataza horietan kate eta sare trofikoak aztertuko dira. Lehenik eta behin, ikasleek bi sare trofiko dituzten kateak identifikatuko dituzte. Jarraian, jolas-dinamika bat egingo da, eta, mataza eta txartelen bidez, hobeto ikusiko da harreman horien konplexutasuna.

Azkenik, ekosistema batean gerta daitezkeen aldaketak aztertzeko bi zeregin egitea proposatzen da, bai funtsezko espezie bat ezabatzen badugu (kasu honetan, otsoa aukeratu da, hurbiltasunagatik), bai espezie inbaditzaileak sartzen baditugu.

3,5 saio
Harremanak biozenosian

Jarduera honetan, biozenosian espezieen barruko eta arteko harremanak aztertzen dira, testu txiki bat irakurriz eta taldean lan eginez, bi jarduera desberdinen bidez harrapakari-harrapakin sistemetan sakontzeko. Horietako batean, ikasleek jolas bat egingo dute, eta emaitzak idatzi, aztertu eta ondorioak aterako dituzte. Bigarrenean, modu berean egiten da lan, baina simulazio digital interaktibo batekin. Sakontzeko proposamen bat ere egiten da: Anisakis parasitoarekin esperimentatzea.

2,5 saioa
Egokitzapenak

Sarrera-bideo bat ikusi ondoren, ikasleek, lana taldeka banatuta, zortzi organismoren egokitzapenei buruzko informazio gehiago bilatu eta partekatuko dute. 

Sakontzeko, diseinu biomimetikoak sortzea proposatzen da.
Saio 1
Ekoesfera bat egingo dugu

NASAren esperimentuak emulatuta, ikasleek taldeka lan egingo dute beren eskolako ekoesfera edo ekopotea sortzeko. Gainera, ekosistema horren jarraipena egingo dute (1) hilabetez, eta emaitzak eta ondorioak ikerketa zientifikoko txosten batean eta ahoz azalduko dituzte.

3 saio
Agertoki ekologikoak Azken ataza honetan, ikasleek ikasitako guztia jokoan jarriko dute eta, horretarako, sei agertoki aztertuko dituzte. Horietako bakoitzak populazio baten eta faktore abiotiko edo biotiko baten arteko elkarreragina deskribatzen du. Agertokietan deskribatutako egoera bakoitzarekin grafiko batzuk interpretatu eta parekatu behar dira, zer gertatzen ari den interpretatu, ekosistemetan interakzio-ereduak bilatu eta horien bilakaera aurreikusi. Diapositiba digitaletan egin beharreko banakako lana da (irakasleak eredua ematen du 1,5 ordu
FASEA: EKOSISTEMAK ETA JASANGARRITASUNA (2)
ATAZAK HELBURUAK SAIOAK
Gure etorkizun iragarrezina Bigarren fase honetan, lehen jarduera honen bidez, jasangarritasunaren kontzeptua lantzen da. Pentsamendu-trebetasunen tresnak erabiliz, lehenik eta behin, bi gaztek bideo batean aurkezten dituzten etorkizuneko ikuspegiei buruz eztabaidatuko dute; ondoren, garapen jasangarriari eta haren helburuei buruzko informazioarekin birpentsatu eta osatuko dituzte ikuspegi horiek, irakurketa kooperatibo baten bidez landuta. 2 saio
Eta guk, zer egin dezakegu?
Ikasleek kontsumoa ikertuko dute, informazioa jaso eta sentsibilizatzeko, nondik abiatzen garen eta zer hobetu dezakegun jakiteko. Lehenik, kontsumitzeko moduari buruzko galdetegi bat beteko dute eta emaitzak taldean eztabaidatuko dituzte. Gero, txartel-jarduera batekin, mugikorra bezain ohikoa den objektu baten ingurumen-eragina landuko dute, eta horren kontsumoari buruz eztabaidatu. (3) 
2 saio
Ohitura jasangarriak

Gure eguneroko jarduerek ingurumenean dituzten ondorioak ikusi ondoren, ekonomia zirkularraren kontzeptuaren eta ohitura jasangarrien arteko harremana landuko dugu, bi jardueraren bidez. Lehenengoan, ikasleek 3Rak berrikusteko jolas bat egingo dute. Bigarrenean, zabalagoa, kontsumo ohiturak ikertuko dituzte ikasgelatik kanpo, eguneroko ingurunean. Taldeka, bakoitzak inkesta bat eta landa-ikerketa txiki bat egingo du hondakinei, plastikoari, garraioari eta erosketei buruz. Lana txosten batean islatuko dute, ahozko azalpen batekin batera, eta, amaitzeko, jardunbide egokien dekalogo bat egingo dute.

Sakontzeko proposamen bat egiten da hiriaren jasangarritasuna ikertzeko.

3,5 saio + etxeko lana
Aktibismoa eta ikerketa zientifikoa

Zientziak garapen jasangarrirentzat duen garrantzia agerian uzteko asmoz, batez ere gazteen ekarpenen garrantzia, proposatzen da, bi bideoren bidez, aktibismoak ikerketaren aurrean duen eraginkortasunari buruzko eztabaida-jarduera egitea.

Saio 1
Opari jasangarria

Amaitzeko, eta bigarren fase honetan ikertutakoa orokortzeko, proposatzen da ikasleek, banaka, ikaskide bati sorkuntza-lan bat oparitzea, CD birziklatuko karatula batean. Lan hori etxean egingo dute, eta eskola-saio bakarra erabiliko dute prestatzeko eta trukea egiteko. Ikasle bakoitzak lanaren edukia formatu digitalean garatuko du, eta, ondoren, irakasleari bidaliko dio. Ondoren, beste baten CDa jaso ondoren, berriz ere etxean, ikasle bakoitzak bideo labur bat egin behar du bere opariaren "unboxing" batekin.  

Irakasleak proposatzen du lanaren edukia, baina ikasle bakoitzak bere sormena erabil dezake. CDak honako hauek izan behar ditu: ikertutakoa laburbiltzen duen film edo komiki baten argumentua, argazki bat, albiste bat eta gomendatutako bideo baten QR kode bat, ikerketa-proposamen bat eta birziklatzeko beste proposamen bat.

1,5 saio + etxeko lana

(1) Zeregin horietan, taldekide bakoitzak banakako neurketa batzuk egitea proposatzen da, eta, ondoren, neurketa horiek talde osoaren emaitzen parte izango dira. Neurketa horiek irakastorduetatik kanpo egin daitezke, ikerketa gehiegi ez luzatzeko. 

(2) Gaia kontsumo arduratsuan oinarritu dugu, ingurumen-eraginak dagoeneko landu baitira aurreko HBIetan (atmosfera, hidrosfera, biodibertsitatea). Horrela, ikasleak gehiago inplikatzen ditugu kontsumitzaile gisa eta espiritu kritikoa lantzen dugu. Gaia, planteatuta dagoen moduan, beste jakintza-arlo batzuekin lot daiteke (hala nola matematikarekin, hezkuntza plastikoarekin edo etikarekin), diziplinarteko proiektuetan; izan ere, etengabe lantzen dira estatistika-datuak, grafikoak, ehunekoak eta abar, gizarte-gaiei eta sormen-jarduerei buruzko eztabaidekin batera.

(3) Mugikorraren motxila ekologikoari buruzko jardueraren konponbidea

  • 1) A. Erauzketa 4. irudia
  • 2) B. Esportazioa-Kontrabandoa 1. irudia
  • 4) C. Fabrikazioa 5. irudia
  • 5) D. Kontsumoa 2. irudia
  • 6) E. Zaborra 3. irudia

Ebaluazioa

“Ikertzen” serieko HBIen egitura berezia da, erronka eta jarduera desberdinek osatzen baitute, elkarren artean gainjar daitezkeenak, gainera. Horregatik, ebaluazio-proposamen zehatz bat egin dugu erronka eta jarduera horietako bakoitzerako. Irakasleak, erabiliko duen ibilbidea hautatu ondoren, ibilbide hori beste zabalago batean integra dezake, eta, hor, aukera izango du beste hauek ere egiteko: beste ebaluazio-proba batzuk, ikasle bakoitzaren koadernoa eta sekuentzia didaktikoan egin daitezkeen beste lan edo ariketa batzuk.

Erronketan oinarritutako ikaskuntza ezartzen bada, ikaskuntza horren ebaluazioan elementu metakognitiboak ere sartu behar dira; elementu horiek aukera emango diete ikasleei prozesuan zehar lortu dituzten edo lortu ez dituzten ikaskuntzei buruz hausnartzeko. Alde horretatik, ikaskuntza autoerregulatzeko estrategiek (esaterako, autoebaluazioak, ikaskuntza-egunerokoak, orientaziorako oinarriak edo pentsamendu-errutinak aplikatzea) erraztu egiten dute ikaslea bere lorpenez eta zailtasunez jabetzea.

Ebaluazio-proposamenak curriculum-ebaluazioaren irizpide guztiak betetzen ditu. Erronka bakoitzaren amaieran hausnarketarako galdera batzuk daude beti, ikaskuntza-eguneroko gisa, baita atazak balioesteko eskalak ere. Gogorarazten dugu eskala horiek orokorrak direla, eta beti egoki daitezkeela irakaslearen jarduerara. Honako hauetarako erabil daitezke:

  • Ikaslearen autoebaluazioa egiteko
  • Koebaluazioa egiteko, bikoteka edo ikasle-taldeka
  • Irakasleen ebaluazioak egiteko

Ikerketa-jarduera guztietan, gaiari dagozkion adierazleez gain, koebaluazio-adierazle batzuk ere badaude zehaztuta, “trebetasun zientifikoak” blokeari dagozkion jakintzekin zerikusia dutenak.   

Komeni da gogoraraztea sekuentzia didaktiko guztietan (kasu honetan, zati batean edo sekuentzia osoan) ebaluazio hezigarri bat egiten joango dela, ebaluatzen ari garen prozesua hobetzeko asmoz. Prozesuen ebaluazioa da (funtzionamendu orokorra, irakaskuntza, ikaskuntza), eta, beraz, beharrezkoa da prozesu horren garapenari buruzko etengabeko datuak eskura izatea, erabakiak unean bertan hartu ahal izateko, horrela feedback eraginkor bat egiteko eta segurtasunez aurrera egiten jarraitzeko ezarritako konpetentziak lortzeko prozesuan. 

Ebaluazio hezigarriak berekin dakar hezkuntza-gertakarien jarraipena, hausnarketa eta balioespena egitea etengabe, gertakari horiek sortzen diren unean bertan doitzeko, beranduegi izan aurretik. Hori egin ezean, ikasleei eskaintzen zaien aukera bakarra “berreskuratzea” da.

Hauek dira HBI honetan erabilitako balorazio-eskalak:

  • Laborategiko lana ebaluatzeko eskala
  • Idatzizko txosten zientifiko bat ebaluatzeko eskala
  • Ikerketa zientifiko bat baloratzeko eskala
  • Ahozko aurkezpen bat baloratzeko eskala
  • Jolas-jarduerak batera ebaluatzeko eskala
  • Zientziei buruzko eztabaidak ebaluatzeko eskala orokorra
  • Jarduera zientifiko bat ebaluatzeko eskala 
  • Zientzietan sorkuntza-ekoizpen bat baloratzeko eskala.

Bibliografia

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)