Saltatu nabigazioa

Ekoesfera bat egingo dugu

Ezaguna egiten al zaigu “Marte”filma? Film honetan, protagonista, ingeniari mekaniko eta botaniko bat da. Marte planetan harrapatuta geratzen da, bakarrik, eta bizirauteko habitat bat sortzen du bere laboreekin, gorotzekin ongarritutako Marteko lurrean, sobera duen suziri baten erregaitik hidrogenoa erauzita egindako urarekin eta eguzki-panelekin. Azken batean, bere ekosistema propioa sortzen du. 

Ecoesfera
Felipe Cerda ML. Ekoesfera (CC BY)

Posible al da hori? Lurrean esperimentuak egin diren arren, oraindik ez gara beste planeta batean buruaskiak izatera iritsi. Hala ere, NASAk, 80ko hamarkadan egindako ikerketa espazialen ondorioz, ekosistema itxi bat garatu du ikaskuntza-elementu gisa (ez du materia-ekarpenik behar), eta energetikoki ia buruaskia den EkOESFERA izenekoa (argi-ekarpen bat baino ez du behar). Ekoesfera batek ez du kutsatzen, ez du garbiketarik behar eta gutxieneko zaintza bat baino ez du behar. Batez besteko iraupena 2 eta 5 urte artekoa da.

Gutxieneko ekosistema bat birsortzen duen esfera itxi bat da. Bertan, lehen mailako ekoizleak (landareak edo algak), lehen mailako kontsumitzaileak (mikroorganismoak) eta bigarren mailako kontsumitzaileak (normalean tamaina txikiko krustazeoak) daude. Esfera horren barruan substratu bat eta ingurune bat daude, kasu honetan ura, zati gaseoso batekin.

Bat eraikiko dugu?

Ekoesfera bat egingo dugu

Iraupena:
3 ordu
Taldeak:
lauko taldeak/ ikasgela osoa

Ekoesfera gutxieneko ekosistema bat birsortzen duen esfera itxi bat da. Ekosistema horretan, lehen mailako ekoizleak (landareak edo algak), lehen mailako kontsumitzaileak (mikroorganismoak) eta bigarren mailako kontsumitzaileak (normalean tamaina txikiko krustazeoak) daude. Esfera horren barruan substratu bat eta ingurune bat daude; kasu honetan ura, zati gaseoso batekin. 

Ekoesfera batean, eguzkiaren argiak, edo beste argiztapen-iturri batzuetako argiak, algek eta landareek garatzeko behar duten energia ematen du. Horiek, era berean, mikroorganismoak garatzeko aukera ematen dute. Mikroorganismo horiek eta beren produktuak, algekin eta landareekin batera, bigarren mailako beste kontsumitzaile batzuen elikagaiak dira, hala nola krustazeoenak.

Gaur egun, ekoesfera bat eraikitzeko kitak daude merkatuan. Zeregin hau gure kabuz egiten saiatuko gara.

Taldetan banatuko gara. Talde bakoitzak bere ekoesfera egingo du, han zer gertatzen behatuko du eta txosten zientifiko bat idatziko du.

Materialak

Ekoesferarako material hauek behar ditugu:

  • Kristalezko pote garden bat, litro batekoa gutxi gorabehera (marmeladak, ozpinetakoak...), taparekin (hermetikoki itxi behar da). Ontziaren hormak zenbat eta lauagoak eta zuzenagoak izan, orduan eta hobeto, horrela beiraren lupa-efektua saihestuko baitugu.
  • Harea edo hartxintxar oso fina substratu gisa.
  • Uretako landare edo goroldioa (akuikultura-dendetan daude salgai).
  • Kloratu gabeko ura: adibidez, putzu edo urmael batekoa (*). Ur horrek mikroorganismo-espezieak izan behar ditu (bakterioak, protozooak, onddoak, algak, etab.), baita lehen mailako kontsumitzaile batzuk ere, hala nola cyclopak, ostracodak edo daphniak.
  •  “Red cherry” ganbatxo batzuk gehituko ditugu (horiek ere akuario dendetan eros daitezke).

Behaketetarako

  • Termometroa
  • pH-aren paper adierazlea
  • Pipetak
  • Lupa
  • Argazkiak ateratzeko gailua

(*)Komenigarria da irakasleak dagoeneko eginda dagoen protozooen kultibo bat ematea. Bideoa:

Biologia on line. Protozooen kultiboa (YouTubeko lizentzia estandarra) 

Prozedura

  1. Potearen oinarrian substratua jarriko dugu, ontziaren altueraren % 5era iritsi arte (1-2 cm). Substratuan landareak edo goroldioak sartuko ditugu.
  2. Urez beteko dugu % 90, gutxi gorabehera. Aire-bolumenaren % 10 utziko dugu, uraren eta aire-geruza horren artean oxigeno, CO2 eta nitrogeno trukerako zikloak ahalbidetzeko; hori funtsezkoa da.
  3. Urmaeleko urak zenbait mantenugai emango dizkio sistemari (materia organikoa, nitrogenoa, fosforoa, kaltzioa...).
  4. Ganbatxoak gehituko dizkiogu. Baten bat hiltzen bada, utzi, mantenugaiak emango baitizkio sistemari.
  5. Argi-iturri baten azpian edukiko dugu, tenperatura epel egokian, 10º C eta 20º C artean. Adibidez, ikasgelan edo laborategian intsolazio ona duen leiho baten ondoan.
  6. Landareak oso gutxi garatuko dira, ia batere ez, eta haien hazkundea geldotu egingo da; beraz, jarri ondoren, seguru asko berdin iraungo dute hilabeteetan zehar.
  7. Sistema gutxi gorabehera hilabete batez funtzionatzen utziko dugu, hau da, eskolako ekoesfera baten batez besteko bizitza.
Ecoesfera didáctica
Viascos . Ekoesfera didaktikoa (CC BY-SA)

Hipotesia eta behaketa

Taldean bilduko gara, eta:

  1. Gure ekosistemaren eskema egingo dugu: elementu biotiko eta abiotikoak, ekoizleak, lehen mailako kontsumitzaileak, bigarren mailakoak, kate trofiko bat marraztuko dugu, ingurunerako egokitzapenak.
  2. Hipotesia egingo dugu: gure ekoesferak zer bilakaera izango duen, hilabete barru zer emaitza espero ditugun, zer faktore biotiko eta abiotiko izan daitezkeen mugatzaileak, harrapakari-harrapakin harreman posibleak, etab.

Oharra:

Hilean zehar, astero, ekoesferaren behaketa egingo dugu. Lana taldean banatuko dugu, aldi bakoitzean kide ezberdin bati egokitu dakion. Guztira 4 behaketa egingo ditugu, eta honako hauek neurtu eta idatziko ditugu:

  1. Landareen egoera orokorra (ondo, zimel samar, zimel).
  2. Ganbatxoen kopurua Beharrezkoa bada, besteren bat gehitu dezakegu. Kasu honetan apuntatu egingo dugu.
  3. Pipeta batekin, ur-tanta bat aterako dugu (hobeto landareren batetik gertu badago) eta luparekin begiratuko dugu. Ikusten ditugun izaki bizidunak idatziko ditugu, gure irakasleak emango digun mota nagusien sailkapenaren arabera. (*)
  4. Termometroa erabilita, airearen eta uraren tenperatura neurtuko dugu.
  5. Uraren pH-a paper adierazle batekin neurtuko dugu.
  6. Uhertasuna: kolorea idatziko dugu (argia, uherra, oso uherra).
  7. Usaina edo ikus daitezkeen beste aldaketa batzuk idatziko ditugu.
  8. Argazki bat aterako dugu.

(*) Bideo honetan ohikoenak ageri dira:


Eva Fenoy. Mikroorganismoak ur-tanta batean (YouTubeko lizentzia estandarra)

Emaitzak eta ondorioak

Taldekide guztien emaitzak ditugunean, elkartuko gara, eta bateratuko ditugu. 

  1. Emaitzen taula bat egingo dugu
  2. Grafiko bat egingo dugu, eta, han, ganbatxoen kopurua, pH-a, airearen tenperatura eta uraren tenperatura adieraziko ditugu.
  3. Emaitzak interpretatuko ditugu
  4. Ondorioak aterako ditugu
  5. Baieztatu al da gure hipotesia?
  6. Ekoesfera ez bada mantendu denboran zehar, nola hobetu genezake?

Emaitzen taula:

Behaketa

Argazkia

Hasierako data:

1.data

2.data 3.data 4.data
Landareak (ondo, zimel samar, zimel)
Ganbatxoen kop.
Protozooak / Mikroorganismoak
Uraren tenperatura
Airearen tenperatura
Uhertasuna (argia, uher samar, oso uherra).
Bestelakoak

Komunikazioa

Talde bakoitzak ahoz azalduko ditu ikasgelan bere ikerketaren emaitzak. Jarraian, guztion artean komentatuko dugu ea emaitza desberdinak lortu ditugun, zergatik, eta hobetzeko proposamenak egingo ditugu.

Hausnarketa eta ebaluazioa

Ataza amaitu ondoren, une egokia izan daiteke gure ikaskuntza-egunerokoan hausnarketa egiteko. Hauek izan daitezke egin ditzakegun galdera batzuk:

  • Zer ikasi dut?
  • Prozesuan zehar zerk harritu nau gehien? Zergatik?
  • Aldatu al dut aurretik nuen iritzirik? Zein?
  • Zer izan da zailena? Zergatik?

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)