Saltatu nabigazioa

Termometroaren historia

Termometroa gure tenperatura, neurtzeko erabiltzen dugu, batez ere gaixo gaudenean; baina azkenaldian, koronabirusa dela eta, gure bizitzetako ohiko tresna bihurtu da, Covid-19aren presentzia detektatzeko iragazki moduan erabil baitaiteke.

Objektu hau egunero erabiltzen dugu, gure bizitzaren parte da, baina agian ez zenekien XVI. mendean sortu zela. Termometroaren historia Galileo Galilei-ren eskutik sortu zen, tenperatura-aldaketarekiko tresna sentikor bat sortu baitzuen.

Wikipedia. Galileo Galilei (JP)

Termometroak historian zehar izan duen bilakaera ikertuko dugu, eta aurkikuntzarik esanguratsuenak posterren bidez irudikatuko ditugu.

Termometroa historian zehar

Iraupena:
Bi saio
Taldekatzea:
: Banaka, talde txikia eta talde handia

Ataza honek bi jarduera izango ditu:

  1. Irakurketa zientifiko kooperatibo bat, «Zalantza-zorroa» izeneko ikaskuntza kooperatiboko teknikarekin.
  2. Termometroari buruzko ikerketa dokumental bat, lau gutun-azal abiapuntu gisa hartuta.

Irakurketa zientifikoa egiteko, «Zalantza-zorroa» izeneko ikaskuntza kooperatiboko teknika erabiliko dugu: lehenik eta behin, banaka irakurriko dugu, eta, gero, sortu zaizkigun zalantzak talde txikian argitzen saiatuko gara. Argitu gabe geratzen diren zalantzak idatzi eta zalantza-zorroan sartuko ditugu, talde handian ebazteko.

HaticeEROL. Termometroa ((Jabari publikoa)

Irakurketa zientifikoa egin ondoren, irakasleak lau gutun-azal banatuko ditu data jakin batzuekin. Talde bakoitzak, gutun-azalean aurkitutako datak erabiliz, termometroari buruzko ikerketa dokumentala egingo du, eta, ondoren, poster zientifiko batean erakutsiko du. Posterrak ikasgelako hormetan jarriko dira, kronologikoki ordenatuta.

1. jarduera: Termometroa eta bere historia

Banaka informatuko gara, irakurketa zientifiko kooperatibo baten bidez. Irakurketa amaituta, talde txikietan jarri eta sortutako zalantzak argituko ditugu, eta, azkenik, ikasgelako taldean argitu gabe geratu diren zalantzak argituko ditugu, «Zalantza-zorroa» teknika kooperatiboa erabiliz. Jarduera honetarako, eskola-saio bat erabiliko dugu.

Termómetros diferentes
AnnaliseArt . Termometroak ((Jabari publikoa)

Irakurketa zientifikoa egiteko, ABCn argitaratutako honako testu hau hartuko dugu erreferentzia gisa: «La controversia sobre quién inventó el termómetro».

Has gaitezen ikertzen!

Termoskopioa

Termometroa eguneroko tresna bat da. Bere izena grezierazko thermos hitzarekin (beroa esan nahi du) eta metron hitzarekin (neurria esan nahi du) sortu zen; hitzez hitz, tenperatura neurtzeko balio duen tresna da. Termometroa edo horren antzeko zerbait asmatzen lehena Galileo Galilei (1564-1642) izan zen; 1592. urtean sortu zuen eta giroko tenperatura neurtzeko balio zuen. Horretarako, hagaxka itxurako gailu bat diseinatu zuen. Gailu horren goialdeak erraboil-forma zuen, eta beheko aldea, berriz, urez betetako pitxer batean sartzen zen.

Anpoila barruko airearen tenperatura-aldaketek xurgatze-efektua eragiten zuten beheko ur-zutabean, eta aldaketa horien ondorioz, urak gora egiten zuen. Asmakizun horri «termoskopio» izena eman zitzaion.

Termoskopiotik termometroraino

Harrigarria dirudien arren, Galileo Galilei-ren asmakizunak ez zuen eskala graduaturik eta, gainera, bazuen eragozpen bat ere: likidoak hartzen zuen altuera presio atmosferikoaren araberakoa zen. 1611n, Santorius Santorio izeneko Veneziako medikuak zenbakizko eskala bat gehitu zuen, tenperatura kuantifikatu ahal izateko.

Gainera, sendagile italiar horrek, medikuntza esperimentalaren sortzaileetako bat izan zenak, beste erabilera bat asmatu zuen: gorputz-tenperatura neurtu ahal izatea. Horrela, historiako lehen termometro klinikoa sortu zen.

Hasieran Galileok sortutako terminoa erabiltzen jarraitu zuten, eta «termometro» hitza 1624an agertu zen, Jean Leurechon jesuitak termodinamikako tratatu batean lehen aldiz erabili zuenean.

Merkuriozko lehen termometroa

XVII. Mendean, Fernando II.a Medicik, Toskanako Duke Handiak, termometroaren barruan pattar koloreztatua sartzea erabaki zuen uraren ordez. Lortzen zen onura bikoitza zen: alde batetik, dilatazioari dagokionez, ura baino sentikorragoa zen, eta, bestetik, ez zen hain erraz izozten.

Newtonek ere esku hartu zuen, eta 1701ean eskala bat proposatu zuen, non zero uraren izozte-puntua zen eta hamabi «ingeles osasuntsu» baten tenperatura normala. Hamahiru urte geroago, Gabriel Fahrenheit (1686-1736) holandarrak merkurioa jarri zuen pattarraren ordez, eta, gainera, neurketa-eskala berri bat sortu zuen: Fahrenheit.

Nederlandarrak lortu ahal izan zuen tenperaturarik baxuenari zero jarri zion (izotza, ura eta gatza nahastuz lortu zuen); eta gizakiak berezkoa duen bero-erreferentziari laurogeita hamasei jarri zion. Uraren izozte-tenperaturari 32 balioa esleitu zion ausaz, eta 212 irakite-tenperaturari.

Geroxeago, 1742an, beste fisiko bat agertu zen,  Anders Celsius, zeina eskala hain konplexu horrekin ez baitzegoen pozik; hortaz, termometroak ehun (uraren izozte-puntua) eta zero (irakite-puntua) artean graduatzea proposatu zuen. Hurrengo urtean, Jean-Pierre Christinek puntu horiek alderantziz jartzea komeni zela proposatu zuen, eta horren ondorioz, denok ezagutzen dugun eskala atera zen.

Sakelako lehen termometroa

Lehen termometro klinikoak horman finkatuta zeuden, hogeita hamar zentimetro inguruko luzera zuten, eta, batez beste, hogei minutu behar izaten ziren gorputz-tenperatura neurtzeko. 1867an, Clifford Allbutt izeneko mediku ingelesak goitik behera aldatu zuen merkatua, gorputz-tenperatura bi minututan soilik neurtzen zuen hamabost zentimetroko termometro bat diseinatu baitzuen. Iraultza handia izan zen.

Eskalei dagokienez, Frantziako Iraultzaren garaian «zentigradu» izena eman zitzaion Celsiusek asmatutako eskalari, eta 1948az geroztik «Celsius eskala» izena hartu zuen. Jean-Pierre Christinen ekarpen ordainezina ahaztuta geratu zen.

Gaur egun, merkuriozko termometroak kendu egin dira merkatutik Europar Batasunean, ingurumenean eta osasunean eragin kaltegarriak sortzen dituelako. Horien ordez, termistore (tenperaturaren sentsore erresistibo) baten bidez funtzionatzen duten termometro elektronikoak sortu dira.

Zalantza-zorroa

Irakurketa amaitu ondoren, talde txikietan jarri eta aurkitutako zalantzak argituko ditugu. Argitu gabe geratzen zaizkigun zalantzak orri batean idatziko ditugu. Orri hori tolestu eta zalantza-zorroan sartuko dugu, eta, gero, ikasgelako taldean, banan-banan aterako ditugu zalantza-zorrotik, eta denen artean komentatu.

2. jarduera: Ezusteko gutun-azalak

Irakasleak gutun-azal hauek banatuko ditu ikasgelako taldeen artean. Gutun-azal bakoitzak data jakin batzuk izango ditu, talde bakoitzak termometroaren bilakaera ikertuko du egokitu zaion garaiaren arabera, eta poster bat egingo du garai horretako termometroaren historiari buruz. Azkenik, posterrak ikasgelako hormetan jarriko dira, kronologikoki ordenatuta.

Posterrak egitea:

  • Posterrak formatu digitalean egin daitezke, aplikazio hauek erabiliz, besteak beste: «Miro» edo «Canva»
  • Garai bakoitzeko posterra egiteko, modu eskematikoan azalduko dugu termometroak dagokion garaian izan duen bilakaera, azalpenean irudiak erabiliz.
  • Jarduera hau talde txikitan jarrita egingo dugu, eskola-saio batean.

TALDEA GUTUN-AZALA DATAK

BERDEA

1592-1611

LARANJA

1624-1700
URDINA 1800-1990

GORRIA

1990-2020

Ebaluazioa eta hausnarketa

Ataza hori amaitu ondoren, gure ikaskuntza-egunkarian hausnarketa egiteko une ona izan daiteke. Hona hemen iradokizun batzuk:

  • Zer ikasi dut?
  • Prozesu osoan zehar zerk harritu nau gehien? Zergatik?
  • Aldatu al dut aurretik nuen iritzirik? Zein?
  • Zer izan da zailena? Zergatik?

Ebaluazioa

Ataza hori honako eskala honekin ebaluatuko da: Zientziei buruzko poster baterako balioespen-eskala (deskargatu odt formatu editagarrian eta  formatuan pdf)

Creado con eXeLearning (Ventana nueva)